jueves, 27 de noviembre de 2008

Obrak (XIV)

Askotan aipatu ditugu obrek sortzen dituzten arazoak baina azkenekoak jada ez du izenik. Gaur goizean obra guneetako batetik pasatu eta bapatean ahots bat entzun dugu, edukazio gabeko ahots bat. Neskei edozein lizunkeri esaten dieten langile horietako bat zen. Nahiz eta erantzuteko gogoa sentitu ixildu eta aurrera jarraitzea erabaki dugu. Nazkatuta gaude jarrera hauetaz ez soilik unibertistatean, beste edozein eremutan ere. Emakume bezala errespetatuak izan gaitezen eskatzen dugu. Ez gara inoren zerbitzura dauden panpinak inondik ere.

Hala ere, geurera bueltatuz obretaz kokoteraino gaudela esan nahi dugu! Zarata, putzuak, bide mozketak...eta hori guztia gutxi balitz; errespetu falta eta edukazio gabeko langileak. Aski da!

miércoles, 26 de noviembre de 2008

Obrak (XIII)

Berriro ere kontu berdinarekin gabiltza, obrak gora eta obrak behera, baina zer eginen zaio obrak toki guztietan badaude??!!
Adibidez, obrak direla eta, ibiltzerakoan kontuz egin behar da non sartzen dugun hanka, izan ere zuloa dagoen lekuan jartzen badugu, adreilua mugitu egiten da eta urez bustitzen zaizkigu galtzak. Eta hotz honekin esan genezake ez dela onena egun osoa, edo behintzat goiz osoa, hanka hotzarekin pasatzen baitugu! Eta horregiatik gaixotzen gara gero ikasleak!
UPVko ikasle guziek gogo handiak ditugu obra hauek bukatzea, oso luzeak direlako eta ez da batere atsegina ikasleriarentzat. Eta suposatzen dugu ez garela bakarrak izango nahi horrekin gabiltzanak, laguntzaileak eta irakasleak ere bai aspertuak izan behar dira!
Besterik gabe, utziko dugu gaurko ataltxo hau, eta zuek segi zazue zuen kexak bidaltzen, kexunaiz@hotmail.es helbidera!!!

domingo, 23 de noviembre de 2008

Zertan bihurtu nahi gaituzte?

Duela gutxi aipatu genuen bezala, geroz eta lan gehiago bidaltzen digute ikasleoi. Ikasleak langile bihurtu nahi gaituzte eta gure bizitza ikasketetara soilik bideratu. Horrek ondorio latzak ditu gure bizitza sozialean, izan ere egun osoa ikasketari dedikatuz gero ez dugu beste ezertarako denborarik. Bestalde, honek ere beste ondorio batzuk izan ditu. Azken aldian konturatu naiz, campusean bertan, ikasleek geroz eta bizitza sozial gutxiago egiten dugula. Hau da, ikasle askok ez dute harremanik beste ikasle batzuekin. Ikastera bakarrik joaten dira unibertsitatera. Ikasleen arteko elkartasuna ere desagertzen ari da. Bakoitzak bereari begiratzen dio eta ondokoak zein arazo dituen ez zaio batere inporta. Are gehiago, ikasle batek beste bati mesede bat eskatuz gero ezezkoa izaten da erantzuna.

Profesionalki formatzeaz gain, pertsona bezala ere formatu beharko gintuzketela uste dugu. Etorkizunean ez gara soilik langileak izango, beste ezerren gainetik pertsonak gara eta askotan UPV horretaz ahazten dela iruditzen zaigu. Subjektu produktibo gisa baino ez gaituzte ikusten horren atzean gauza gehiago eta garrantzitsuagoak daudela kontuan hartu gabe.

Euskara UPVn (V)

Ez da euskararen egoera aipatzen dugun lehenengo aldia. UPVk euskararekiko duen jarrera salatu dugu behin baino gehiagotan. Horren erakusle argiak dira langileek duten prestakuntza eskasa edo euskarari ematen zaion toki eskasa oharrak emateko orduan.
Klaseetan ere euskararen egoera larria dela esan beharra dugu. Bologna prozesuaren eraginez geroz eta gehiago entzuten da hainbat irakasgai euskaraz ikastea ezinezkoa dela. Euskal Herrian gauden heinean, eta euskarazko karrera batean matrikulatuta gauden heinean zein eskubide dute euskaraz ikastea galarazteko?

Baina ez da hori okerrena, irakasleek ere euskararekiko jarrera negatiboa argi uzten dute. Irakasle askok ematen dituzte euskarazko gaiak baina batek baino gehiagok ez daki euskaraz hitz egiten. Erabiltzen duten hizkuntzari ezin zaio inondik inora euskara deitu. Honen ondorioz ikasleok askotan ezer ulertu gabe irteten gara klasetik.Gure eskubidea da euskaraz ikastea eta irakasleek prestakuntza ona izatea exijitzen dugu.

Ikasle Eguna




Atzokoan Ikasle Eguna ospatu zuen euskal ikasleriak Erandion. Nahiz eta gune hau begiratuz kexatu baino ez dugula egiten eman dezakeen, atzokoan argi utzi genuen borrokatzeko gai ere bagarela. Jaia eta aldarrikapena uztartu genituen Erandion bildu ginen milaka ikasleek. Ikasle Abertzaleak antolakundearen 20. urteurrena ospatzeko parada ere izan genuen

Goizean eman zitzaion hasiera egunari Euskal Ikasleon topaketekin. Bi lantalde izan ziren bertan, unibertsitatekoa eta ertainetakoa. Ikasleon kezka eta arazo desberdinak landu ziren bertan eta aurrera begirako helburuak ere zehaztu ziren. Gure eskubideak errespetatuak izan arte borrokatzen jarraitzeko garrantzia azpimarratuz. Ondoren bazkaria ospatu zen bertsolarien laguntzarekin eta arratsaldean rock maratoia eta elektrotxaranga izan ziren. Manifestaldia eta ondoren burututako ekitaldi politikoa izan ziren eguneko ekimen garrantzitsuenak. Bertan IAko belaunaldi desberdinak bildu ziren. Euskal ikasleriak argi eta garbi adierazi zuen euren lanaren garrantzia eta borrokatzeko duten grina. Eskubide urraketen aurrean borrokan jarraitzeko deia luzatu zen helburu nagusia lortu arte: Euskal Eskola Nazionala.
Egunari amaiera borobila emateko kontzertuak izan ziren Piperrak, Obrint Pas, Soziedad Alkoholika, Amaiur, Anger, DJ Bull eta Aritz Sound Sistem taldeen eskutik.

Gaztesareako, Gazte Informazio Agentziak burutu zuen eguneko jarraipen berezia.


Ikasle Egunaren harira IAk egindako bideoa:

viernes, 21 de noviembre de 2008

Obrak (XII)

Hamaika aldiz aipatu dugu hemen obren arazoa eta gaurkoan ere gai honekin gatoz. Errektoretzara joateko bidea ez dago batere ondo egokitua. Zubitxo txiki bat utzi dute buelta osoa egitea saihesteko. Zubi hori pasatuta aularioko ate bat ireki eta errektoretza parean aurkitzen gara. Baina honek badu arazo bat izan ere buelta egiteko orduan ezin dugu bide berdina hartu, buelta osoa egin behar dugularik.

Ez da bakarrik errektoretzarako bidea, azken finean campus osoaren egoera salatu nahiko genuke. Obrak direla eta edonon aurkitzen ditugu arazoak, bai pasabidea itxita dagoelako edota inguraren egoera oso txarra delako. Ez gara seguruak sentitzen unibertsitatena horrenbeste baia, makina eta zulorekin. Egia bada unibertsitatea hobetu nahi dutela, hobe lukete gauzak polikiago egin eta campus osoa aztoratu beharrean pausuz pausu egitea.

Ikasleak bazkaldu ezinik

Aurrekoan kafetegi txikira joan ginen bazkaltzeko asmotan baina jendez lepo zegoen. Orduan jende zurrunbilo ihes egitearren, ostalaritzara joateko hautua egin genuen. Euripean, bide luze eta lokaztua egin ondoren, Ostalaritzara iritsi eta sekulako sustoa eraman genuen. Zer zen hura!!!
Gosetuen amets gaiztoa zirudien horrek! Ilarek ez zuten amaierarik bai menuan baita hautazkoan ere. Momentu batez bazkaldu gabe geratuko ginela pentsatu genuen. A ze dilema!

Nora joango gara hemendik aurrera lasai bazkaltzera? Klaseen ostean, lasaitasun momentu minimo bat behar dugu ikasleok ere! Bestela nola ekingo diogu energiaz irakasleek bidaltzen diguten lan zama guztiari?

domingo, 16 de noviembre de 2008

Komunikazioa?

Pasa den ostegunean, Gazte Informazio Agentziako kideek aurkezpena egin genuen Gizarte eta Komunikazio zientzien fakultatean. Aurkezpenean esan zuten bezala, komunikazioaren aroan bizi omen gara, hala ere hainbat esparrutan gabezia nabarmenak daudela esan genezake. Gazteon inguruan adibidez, hedabide nagusiek ez dute informaziorik ematen. Eta larriagoa dena, gehienetan ematen duten informazioak, ez gaitu desitxuratu baino egiten. Medio gehienek gazteak kriminalizatu eta gure inguruko informazio desitxuratua hedatzen dute.

Honen harira, eta kontrainformazioaren beharrak bultzatuta, sortu zen duela sei urte Gaztesarea, eta honen baitan Gazte Informazio Agentzia. Argi dago gaur egun hedabide gehienek gazteoi buruz ematen duten informazioa ez dela batere objetiboa. Hori dela eta Gazte Informazio Agentziak egunero ematen du gazteon berri, guk kontatzen ez badugu inork egingo ez duelako. Gune honetan gazteon intereseko albisteak eta erreportaiak aurki daitezke. Gazteoi arduratzen gaituen gaiak lantzen dira, guk geuk geureaz informatuz. Behar honek bultzatuta ere, 2007an urtekaria publikatu zuten.

Ez dakit zehazki, nola bideratu kexa hau. Orokorrean esan nahi duguna hurrengoa da: ez dugula gaur egun hedatuta dagoen kazetari prototipoa izan nahi, ezta izango ere. Eta horregatik, benetako komunkazioa bultzatu nahi dugula eta ez inoren interesen menpe dagoena.

Ikasle egun txikia


Aurreko testua apur bat negatiboa zen, eta beno honi alaitasun pixka bat ematearren pasa den ostegunean Leioan Ikasle Egun txikia ospatu genuela esatera nator. Izan ere, eta nahiz eta UPVrengatik izango balitz ez genituzkeen horrelakorik ospatuko, unibertsitateko ikasleak antolatu eta Ikasle Egun txikia ospatu genuen.

Hilaren 22an ospatuko den Ikasle Egunaren harira, hainbat ikastegitan ari dira ospatzen Ikasle egun txikiak. Ostegunean Leioko unibertsitatearen txanda izan zen eta hainbat ekimen burutu ziren bertan. Hasteko azoka eta hamaiketakoa izan ziren. Ondoren Ikasle Abertzaleaken 20 urteko ibilbidea errepasatzen duen bideoaren emanaldia izan zen. Eta egunari amaiera borobila emateko kontzertua eta bazkaria.

Ikasleok ere, ikasteaz gain festarako eskubidea ere badugu eta nahiz eta gure bizitza ikastera bakarrik bideratu nahi duten, guk ez dugu onartuko.

Astelehenak

Asteburua bukatu eta, astelehena berriro. Berriro altxatu behar gara goizean goiz klasera joateko. Autobusa hartu, klasera joan, irakasleen txapa entzun... eta gero klaseak bukatuta arratsaldean lan eta lan, alde batetik bestera joan denbora asko izan gabe guretzat.
Zergatik dira hain zailak astelehenak? Asteburuetan oso ongi pasatzen dugu, lagunak ikusten ditugu, denbora gehiago dugu guretzat... eta igandea iristen da eta autobusa hartu behar duzu, hori izango litzateke asteburuko gauzarik txarena eta gero ASTELEHENA!!!!!!!!!!!!!!
Zer egiten genezake aselehenak hain zailak ez izateko eta horren ondorioz astea arinago izateko?
Ideiarik ba al duzue?
Zer eginen dugu biharko eguna hain astuna ez izateko?

miércoles, 12 de noviembre de 2008

Etxeko lanak

Duela egun batzuk, kazetaritza ikasten duen ikasle baten kexa bat jaso gugu, email bidez.
Ikasle hau, kexatzen zen, irakasleek lan gehiegi ematen zizkietela. Lau hilabete osoan zehar, praktika asko egin behar dituztela eta oso luzeak eta astunak izaten dira, eta horrez gain, bukaeran, azterketa finala daukatela. Ikasle horrek zehaztu nahi izan du, ez zaiola inporta lan hoiek egitea baina behintzat bukaeran ez azteketarik izatea. Badaki hemen dela ikasteko baina ez dauka gai bakar bat!
Irakasleak konturatu behar dira, ikasleak garela eta ikasleak izatea gain, ondoan bizi sozial bat dugula. Lan asko ematen badizkigute, ondoan oso zaila eginen zaigu beste hainbat gauza egiteko.
Beraz ikasle horren partez, LAN GUTIAGO MESEDEZ!!!!!

Ordenagailu gela


Ordenagailu gela bakarra dago gure unibertsitatean, eta gelatxo hori fakultate guzien artean banatu behar dugu.

Askotan, ordenagilu gelara korrika zatoz gauza garrantzitsu bat egin behar duzula eta ikusten duzu ordenagailu guziak okupatuak direla. Zer egin kasu honetan?

Gainera askok ordenagailua erabiltzen dute blogak, tuentiak ...ikusteko eta hori ikusterakoan kriston amorrua sartzen zaigu.

Ordenagailu gela, gauza serioak egiteko dira eta ez denbora galtzeko. Beharbada garrantzitsua da batzuentzat tuentiak eta abar...begiratzea baina garrantzi gehiago dituzten gauza asko daude ordenagailu gela batean egiteko.

Zer egin daiteke hori aldatzeko?

Ideiarik ba al duzue?

domingo, 9 de noviembre de 2008

Obrak (XI)


Non aparkatu UPVn?

Duela aste batzuk antzeko kexa bat jaso genuen eta aste honetan ere beste batekin gatoz.

Aurrekoan kazetaritza ikasten duen neska batek, aparkatu nahian kanpuseko itzuli osoa egin zuen eta 10 minutu bueltaka ibili ondoren, leku bat aurkitu zuen. Aparkatzera zioan momentuan, obretako langile bat etorri eta esan zion ezin zela leku horretan aparkatu. Orduan berak, langileari ea non aparkatu ote zezakeen galdedu zion eta berak ez zekiela esan zion baina hor ezin zuela. Horregatik berak lekua aurkitu zuen tartetxo batean aparkatu zuen.

Ados nahiz langileek beraien lana egin behar dutela, baina obra guztiak momentu berean egiten badituzte non aparkatu behar dute ikasle, irakasle, kafetegiko langile eta abarrek...?

Noiz arte iraungo du egoera honek? Espero dut ez dela luzarorako izango baina pauso honetan ziur gara, luzez joango dela. Urteak eta urteak daramatza Leioak obretan eta ez dugu uste egun batetik bestera, egoera hau aldatuko denik.

viernes, 7 de noviembre de 2008

Obrak (X)


Duela gutxi, gazteak geroz eta gorrago geratzen ari garela entzun nuen telebistan. Honen eragile nagusia musika altuegi eramatea omen da. Gazteok geroz eta ohitura gehiago omen dugu musika entzuteko, edonon, bai etxean, zein autobusean, metroan edota kaletik doazenean eta bolumena altuegi eramaten dugula diote ikerketek. Ez dakit Euskal Herrian zein izango den gazte gorren tasa, baina ziur nago UPVn ikasten dugunok gor geratzeko arrisku handia dugula. Eta ez musika altuegi eramaten dugulako.

Zein izango ote da gure gorreriaren erruduna? Ba beste behin ere, obrak! Kafetegi nagusia zenaren alboan egiten ari diren zuloa dela eta zarata jasanezina da. Egun osoan makinen hotsa duzu buruan sartuta eta azkenean izugarrizko buruko minarekin bukatzen dugu, ahotsa nola geratzen zaigun ez aipatzearren. Izan ere, ondoan daukazunak entzun zaitzan ahotsaren tonua, bikoiztu edo hirukoiztu egin behar duzu. Beraz obrak jasanezinak eta deserosoak ez ezik, osasunarentzat kaltegarriak ere badirela esan beharra daukagu. Bukatu dezatela honekin lehenbailehen!

jueves, 6 de noviembre de 2008

Negua campusean

Iritsi da negua! Tira, udazkena da baina egun hauetan bazirudien negu bete betean murgilduta ginela. Urteko garai honetan, jakina den bezala, euria egiten du, hotz handia izaten da, haize bortitza ibili ohi da... Urte sasoi honetarako normala dena, alegia. Badirudi, ordea, campus hau eraiki zenean ez zutela kontutan hartu Euskal Herrian kokatzen zela eta herri honetan euria eta hotza ohikoak direla.

Campuseko fakultateak, eraikinak eta campusa bera orokorrean ez dago prest eguraldi txarrerako. Alde batetik bestera joaterakoan edonon daude ur putzu handiak (orain gutxi eraikitako pasabide berrietan ere bai, ez da beraz urteen aitzakiarik), ikasgeletan ituteak eta haize korronteak jasan behar dira eta kalefakzio zerbitzuak ere ez du berdin funtzionatzen fakultate guztietan...

Nahiko gogorra bada horrelako eguraldiarekin ohetik altxa behar izatea unibertsitatera joateko, bertara iritsitakoan horrelako baldintzak aurkitzeak are gogorrago egiten du!

miércoles, 5 de noviembre de 2008

Euskara UPV-n (IV)

Gaur aurretik adierazitako kexa batekin gatoz zoritxarrez. Ez da gure asmoa astunak eta errepikakorrak izatea baina euskarak UPV-n bizi duen egoera tamalgarria azpimarrratu beharrekoa dela deritzogu.
Gaur goizean, eskaera bat egitera zuzendu gara dekanotzara eta Euskal Herrian gauden heinean, geure hizkuntza erabiltzera mugatu gara. Zerbitzatu gaituen idazkaria ordea beste errealitate batean bizi dela ematen zuen. Izan ere erabiltzen zuen hizkuntza euskera ez ezik beste edozein hizkuntza izan zitekeen. Saiatu, saiatu da baina ez zegoen emakume hori ulertuko lukeenik. Hortxe hasi zaigu totelka eta bi hitz jarraian esan ezinik.

Saiatu da ahal den neurrian eta egia esan ez du gaztelerazko hitzik erabili, kostatu zaion arren. Hala ere, ikasleoi beste hainbat gauza exijitzen zaizkigun bezala, langileei euskeraz ongi jakin dezaten exijitzea eskatzen diogu UPV-ri. Euskaraz erantzun gaitzatela nahi dugu, gure hizkuntza den heinean guk ez dugulako baztertzeko asmorik ezta nola baztertzen duten ikusteko asmorik.

lunes, 3 de noviembre de 2008

Obrak (IX)

Gaur fakultateko jaia zela esan genuen atzo eta hori dela eta, kafetegi txikira joateko bidea moztua zegoen gaur goizean eta ezin genuen betiko lekutik pasa. Hau da itzuli osoa egin behar zen, Baina ez unibertsitateko itzuli osoa, edifiziorena baizik. Baia bat pasa eta gero, zubian aurkitzen ginen.
Baina hori ez zekiten denek, beraz batzuk bueltaka ibili dira eta beste batzuk ordea, apunteak berokiaren azpian jarri eta unibertsitateko itzulia egin dute korrika.
UPVkoek zer pentsatu dute, gizarte eta komunikazio zientzietako fakulktateak klaserik ez zuenez, zuzenbideko ikasleak ez zirela klasera joango eta beraz kafetgira ere ez? Non dago zentzua?
Behintzan obreroak konturatu direnean, baia mugitu dute eta horrela ikasle eta irakasleek lasaiki pasatu ahal izan dira.

domingo, 2 de noviembre de 2008

Bihar jai Gizarte Zientzien fakultatean

Beti kexatzen ibiltzea ere aspergarria suertatzen zaigulako, zerbait positiboagoa esatera gatoz oraingoan. Izan ere biharko eguna egutegian gorriz markatua dugu Gizarte Zientzietako ikasleek, fakultateko jaia dela eta ez da klaserik izango. Hala ere, ikasle askok unibertsitatera joan beharko dute bidaltzen dizkiguten lan guztiekin aurrera egitera. Ikusi dezakezuen bezala, ohar honetan ere badago aldarrikapenerako tokitxo bat eta hain modu zuzenean ez bada ere adierazi dugu gure kexa.
Nik uste nahiko ondo ulertzen dela ezta? Aurreko sarreran Bolognaren inguruan azaldutakoarekin lotura zuzena duela esango nuke nik.

Dena den, jai egun ona pasa dezazuela posible duzuenok!

Bologna (II)




Aurrekoan lehenengo aldiz aipatu genuen Bologna prozesua hemen. Prozesu hau dela medio ikasleok hainbat ondorio jasan beharko ditugu. Bat aipatzearren, lan karga handiagoa izango dugula gure gain. Bolognarekin, lan gehiago egin beharko ditugu eta lan horiek egiteko erabiltzen dugun denbora ere neurtuko zaigu. Erabat kontrolatuta egongo gara.
Sistema hau jada ezarrita duten beste herrialde batzuetan, ikasleen fitxatu egin behar dute liburutegira doazen bakoitzean. Langileek tailerretan bezala. Modu honetara, ikasleek zenbat denbora eman duten ikasten kontrolatzen dute.
Ikasleak etengabean erakutsi dugu ez dugula Bolognarik nahi eta ez dugula onartuko, hala ere gure hitza errespetatu gabe aurrera daramaten prozesua dugu begien aurrean.

Obrak (VIII)

Leioako fakultatean egiten ari diren obrek eragin negatibo ugari izango dituela bagenekien. Hala ere, iritsi zaigun azken kexa benetan interesgarria da. Orain arte ez nion kontu honi erreparatu baina idatzi digun azken ikaslean esan bezala, obrek ikasleen arteko harremanak hozten ditu. Askok ez duzue honen arrazoia ulertuko, beraz hona hemen azalpena.

Iragan batean, eremu komunak omen zeuden Leioako kanpusean. Honek ikasleen arteko harremanak ahalbidetu eta errazten zituen. Ikasleak eremu hauetan batzen ziren eta bizitza soziala egiten zuten. Gaur ordea, obren kontuarekin, eremu bateratu hauek desagertu egin dira eta ikasleak klasean eta kafetegian bakarrik ikusten dute elkar. Honekin ikastera bakarrik mugatzen den ikasle eredua inposatu nahi digutela pentsatu dezakegu, bizitza sozialik ez duen ikasle eredua. Hala ere, guk beste behin ere ez diogu agintzen digutenari kasurik egiten eta ahal den neurrian beste ikasleekin biltzen saiatzen gara eta zuei ere berdina egitera animatzen zaituztegu.